COOKIE-N KONFIGURAZIOA

Webgune honek erabiltzaileek egiten duten erabilpenaren analisia egiteko eta erabilgarritasuna hobetzeko cookieak erabiltzen ditu, baita webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookieak ere.


Beharrezko cookieak

Cookie propioak dira, webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak izanik beti gordetzen dira.

informazio +



Analitikarako cookieak

Hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu webgunearen erabilpenaren analisia egiteko. Informazio modu anonimoan jasotzen da. Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak ez direnez hauek ez onartzea hautatu dezakezu.

informazio +



Publizitaterako cookieak

Egoitzaren kokapen-mapa azaltzeko Google Maps erabiltzen dugu. Bere erabilpenak zenbait cookie sortzen ditu, zure interesekin bat egiten duten edukiak erakusteko erabiltzen direnak.

informazio +



Geure cookieak eta hirugarrengoenak erabiltzen ditugu gure webgunean erabiltzaileen nabigazioa aztertzeko eta hobetzeko, betiere mezu hau onartu eta berariaz adostasuna ematen badiozu. Gure cookieen politikari buruz gehiago irakur dezakezu.
GHK
1. argazkia

2017 MAIATZA 10

Hasi dira Gipuzkoako Ingurumen Guneko obra-lanak

Konplexua 2019ko udazkenean amaituko dute

Markel Olano: “Gaur eraikitzen hasiko den proiektuak erantzun integrala ematen die lurraldearen beharrizanei, eta irtenbiderik onena da, ekonomiaren ikuspuntutik, baita ingurumenaren ikuspuntutik ere”.

José Ignacio Asensio: “Hasi da hondakinen birziklapenaren behin betiko irtenbide iraunkor eta abangoardistarentzat atzerako kontaketa; araudi zorrotzenek eskatutako isuri kopurua erdira murriztuko du”.

Markel Olano Ahaldun Nagusiak eta José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak Gipuzkoako Ingurumen Gunearen hasierako obra-lanak bisitatu dituzte. Gunea Urbaser buru duen ABEEak eraiki eta kudeatuko du, baita LKS, Moyua, Murias eta Altuna y Uria enpresa gipuzkoarrek ere. Meridian Investments funts frantsesaren eta Steinmuller Babcok teknologo alemaniarraren parte-hartzea ere izango du, GHKren etengabeko kontrolpean.

Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak adierazi du Gipuzkoako Ingurumen Gunearen obra-lanen hasiera hondakinen kudeaketaren arazoaren irtenbiderantz urrats garrantzitsuenetako bat dela, "arazoak luze jo du eta", gaineratu du. Halaber, Olanok gogorarazi duenez, “arazoari irtenbidea emateko konpromisoa hartu genuen eta hitza bete dugu”.

Ildo horretatik, Olanok bermatu duenez, "gaur eraikitzen hasiko den proiektuak erantzun integrala ematen die lurraldearen beharrizanei, eta irtenbiderik onena da, ekonomiaren ikuspuntutik, baita ingurumenaren ikuspuntutik ere”. Era berean, Olanok gaineratu du irtenbide modernoena, aurreratuena eta eraginkorrena dela, “Gipuzkoa, hondakinen kudeaketari dagokionez, Europako abangoardia izango da”.

Asensiok adierazi du gaurkoa oso egun garrantzitsua dela Gipuzkoarentzat, “atzerako kontaketa” hasi baita, lurraldeak hondakinak kudeatzeko behar duen irtenbidea errealitate bihurtzen hasi da. “Atzean gelditu dira, alternatiba bideragarririk aurkeztu gabe, gipuzkoarrok hartutako erabakia geldiarazteko saiakerak”, adierazi du.

Gunea 30 hilabeteren buruan hasiko da martxan. “2019ko udazkenean hondakinak ez dira arazo izango Gipuzkoan, Gipuzkoako Ingurumen Gunea izango baitugu etorkizuneko soluzio. Bi urte barru, tunel ilun honetatik aterako gara eta honek guztiak zabortegien behin betiko amaiera suposatuko du”,  bermatu du.

Asensiorentzat, Gipuzkoako Ingurumen Guneak “paralisia eta enfrentamendua gainditzea esan nahi du, eta Gipuzkoak behar dituen etorkizuneko soluzioak abian jartzea. Europako soluzioak, herrialde aurreratuenek aplikatzen dituztenen moduan; soluzio moderno eta abangoardistak, araudi zorrotzenek eskatzen duten isuri kopurua erdira murriztuko dituztenak; soluzio iraunkorrak, gure hondakinak birziklatu eta energia aprobetxatzeko; inbertsio eta enplegu moduan aberastasuna ekarriko duten soluzioak".   

Gipuzkoak, beraz, abangoardiazko zentroa izango du, ekonomiaren zein ingurumenaren ikuspuntutik iraunkorra, Gipuzkoaren beharrizanetara egokitua eta Hondakinen Kontsortzioaren kontrolpean. Eta hori guztia kudeaketa irekia eta gardentasun-politika aplikatuta, etengabe eskainiko baitu horren prozesuen, isurien eta araudia betetzearen inguruko informazioa.

Gipuzkoako Ingurumen Gunea balorizazio energetiko planta bat baino gehiago da, ingurumen-gunea baita, esanahi osoan. Guneak tratamendurako planta bat izango du eta bertan zaborrarekin nahastuta iristen diren material birziklagarriak berreskuratuko dira (%7). Horren ondoren, hondakinak biolehortze planta batetara pasako dira, beren pisua eta bolumena murrizteko. Hala, balorizazio-plantaren energia-ekoizpena eraginkorragoa izango da. Bertan sortutako energiak 45.000 etxebizitzen beharrizanak asetuko ditu. Energia-balorizazioaren hondakinak ere birziklatu egingo dira, bigarren fasean helburu horretarako eraikiko den planta batean. Eta, azkenik, biometanizazio-planta bat egingo da, gaika bildutako materia organikotik abiatuta energia sortzeko. Gune erabat ekologikoa eta iraunkorra da, bertan hondakinak baliabide modura erabiltzen baitira, materialki zein energetikoki erabiltzeko, ekonomia zirkularraren printzipioei jarraiki.

Eta hau guztia eraikiko da teknologia hoberena ezarriz, merkatuko enpresa lehiakorrenekin eta baita Gipuzkoa ezagutu eta lurraldearekin konpromisoa duten enpresak ere.

Gunean gasen arazketan erabili daitekeen teknologia hoberena erabiliko da, honi esker bermatu daiteke isurketak baimentzen dena baino askoz txikiagoak izango direla. Horretarako, instalazioak gasen garbiketa sistema edukiko du, bi fasetan, guztiz berritzailea da eta bakarra litzake Espainian. Europako Iparraldeko planta gutxi batzuetan instalatzen hasi dira. Hondakinen sorrera minimoa izango da eta ez da uretara isurketarik egongo.

GIGan aplikatuko diren exijentzia maila eta bermeak arauek beste industria motetarako ezartzen dituztenak baino askoz ere altuagoak izango dira. Esate baterako, GIGen isurketak, guztizko partikula kopurutan neurtuta, araudiak zementu fabrikentzat ezartzen duena baino 15 bider txikiagoak izango dira, siderurgiarako baimendutakoa baino 10 bider txikiagoak, eta industria kimikorako aplikatutakoa bano 75 bider txikiagoak.

Errendimendu energetikoa

Urbaser eta beste enpresa gipuzkoarrek osatzen duten ABEEk aurkeztu duen eskaintzaren beste alderdi aipagarri bat da proposatutako instalazioaren errendimendu energetikoko faktorea. Izan ere, baldintza agirietan eskatutakoa eta Europako araudiak exijitutakoa baino % 30 altuagoa da. Hondakinen aprobetxamendu handiago horrek hondakinen balorizazioa areagotzen du, eta horrek 45.000 etxe baino gehiago hornitzeko nahikoa energia sortzea eragiten du. Materialen aprobetxamenduari dagokionez, instalazioan aurreikusten den tratamendu mekaniko-biologikoko plantak bermatzen du % 7,7 berreskuratzea, urteko 10.000 tona inguru, baldintza agirietan % 5 eskatzen bazen ere.

Eskaintza lehiakorrena

Alderdi ekonomikoari dagokionez, esleipendun suertatu den eskaintza da denetan lehiakorrena, % 25 beheratzen baitu baldintza agirietan ezarritako aurrekontua; hori horrela, urteko bi milioi euroko aurrezpena dakar (kontratuaren indarraldian guztira 64 milioi), bigarren postuan geratu den eskaintzarekin alderatuta. Hain zuzen ere, ABEEk 217 milioi euroko inbertsioa egingo du, GIG eraiki eta abiarazteko, tratamendu mekaniko-biologikoko eta balorizazio energetikoko pantekin. Gunea martxan jarri bezain laster, kontratistak 24 milioi jasoko ditu urteko. Zenbateko horretan sartzen dira egindako inbertsioagatiko eta instalazioaren kudeaketagatiko ordainketak. Horrela, guztira 768 milioi euro izango dira, kontratuak iraungo duen 32 urteetan. Baldintza agirietan ezarritako aurrekontuaren gainean 200 milioi euro baino gehiago aurreztuko dira, eta horrek eragin nabarmena izango du mankomunitateek ordaindu beharreko tarifan. Egingo den inbertsioak enpleguan ere izango du eragina. 80 lanpostu zuzen sortuko dira, eta zeharkako 100. Horri dagokionez, esleipendunak Gipuzkoan indarrean dauden hitzarmenak aplikatzeko eta kontziliazioaren arloko politika aurreratuenak ezartzeko konpromisoak hartu ditu. Instalazioa eraiki eta martxan jartzeko aurreikusten den epea 30 hilabetekoa da, kontratazioan ezarritakoa baino zazpi hilabete gutxiagokoa.

Punta-puntako teknologia

Eskaintza irabazlea aurkeztu dutenak dira Urbaser, liderra hondakinen kudeaketan eta tratamenduan; LKS, Moyua, Murias eta Altuna y Uria enpresak; Meridian Investments funts frantziarra, azpiegituren finantzazioan eskarmentu handikoa; eta Steinmuller Babcok teknologo alemaniarra. Azken hori da, hain zuzen ere, balorizazio plantako labean aplikatuko diren teknologien arduraduna. Mundu mailako erreferentzia da gai honetan; 460 errekuntza unitate eta mota honetako 49 planta instalatu ditu mundu osoan zehar. Urbaserrek, bestalde, CNTY talde txinatarraren babesa du. Ingurumenean eta hondakinen kudeaketan espezializatuta dago. 7 planta instalatu ditu jada, eta beste 6 eraikitzen ari da. Horrela, urtean 5 milioi tona kudeatuko ditu guztira.

Alderdi horiek guztiek punta-puntako teknologia duen eskaintza osatzen dute. Berme guztiak ditu, eta erantzun integrala eskaintzen die planteatutako beharrei. Ingurumeneko arduradunen hitzetan, eskaintza “moderno eta eraginkorra da, Gipuzkoak herrialde aurreratuenen mailara jartzeko behar dituen soluzioak eskaintzeko diseinatua, eta hori guztia baldintza ekonomiko lehiakorrenetan, gipuzkoarren poltsikorako aurrezpena ahalbidetuz”.