
2025 EKAINA 10
Akordio historikoa Gipuzkoan: hondakinen kudeaketako etapa berri baterako adostasun politikoa
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren Batzarrak aho batez onartu du 2025erako GHKren tarifa, eta hamarkada bateko liskarraren amaiera markatu du.
Mahai politiko-tekniko batek 2026rako tarifa-araubide berria diseinatuko du, sistema bidezkoagoa, egonkorragoa eta ekonomia zirkularraren erronkekin lerrokatuagoa finkatzeko.
Kontsortzioak nekazaritza- eta abeltzaintza-hondakinak txertatuko ditu bere kudeaketa-ereduan, tarifa bereiziekin lehen sektoreko plastikoetarako eta ardi latxaren artilerako Gipuzkoako Ingurumen Gunearen 1. fasean.
José Ignacio Asensio: “Aurrekaririk gabeko akordio honek mugarri bat ezartzen du Gipuzkoako hondakinen kudeaketan, eta adostasun-, egonkortasun- eta anbizio-etapa berri bat irekitzen du”.
Gipuzkoak urrats erabakigarria eman du gaur ingurumen arloan adostasunak eraikitzeko. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren Batzar Nagusiak aurrekaririk gabeko akordio historiko bat lortu du, aho batez onartu baitu 2025eko ekitaldirako tarifaren proposamena, Kontsortzioko erakunde guztien eta Batzarrean ordezkaritza duten hiru alderdien babesarekin: PSE-EE, EH Bildu eta EAJ.
Onartutako tarifaren arabera, mankomunitateei altan emandako hondakinen tratamendu-zerbitzua %9 eguneratuko da, zerbitzuaren benetako kostuaren arabera, urtean 215.000 tona tratatzea aurreikusten baita.
Era berean, Batzarrak 52.358.171 euroko aurrekontua onartu du, Estatuko hondakinen kudeaketa sistema publiko moderno, eraginkor eta jasangarrienaren jarraipena bermatzen duena.
Egonkortasuneko, lankidetzako eta ingurumen-lidergoko fase berri bat
Tarifa aho batez onartzeak behin betiko ixten du hondakinen inguruko gatazka politiko eta sozialak markatutako etapa, eta atea irekitzen dio erakundeek ekonomia zirkularraren erronka estrategikoaren inguruan elkar ulertzeko aro berri bati.
Horri dagokionez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente José Ignacio Asensiok oso positiboki baloratu du lortutako adostasuna: “Hau mugarri bat da Gipuzkoarentzat. Orain dela urte batzuk ezinezkoa zirudiena lortu dugu: hondakinen kudeaketa elkar ulertzeko eremu bihurtzea, eta ez banatzeko eremu. Duela urte batzuk borroka utzi dugu elkarrizketarako, erantzukidetasunerako eta baterako lanerako etapa bati ekiteko. Horrek indartsuago egiten gaitu gizarte gisa, eta etorkizun garbiago, bidezkoago eta berdeago baterantz aurrera egiteko aukera ematen digu”, amaitu du Asensiok.
Asensiok nabarmendu du, halaber, kontuak onartzeak sendotu egiten dituela puntako kudeaketa-sistema eta erreferentziazko azpiegitura, erakundeen eta herritarren ahalegin kolektiboari esker: “Gure hondakinen % 60 inguru birziklatzen dugu, Estatuko batezbestekoa baino hogei puntu gehiago, zabortegietara jo gabe. Hori posible da herritarren inplikazioari eta azken urteetan egindako lanari esker”, adierazi du.
Biohondakinen bilketako jardun egokiagatiko hobariak
Birziklatzeko ahaleginaren araberako diskriminazio positiboaren printzipioaren esparruan, 2025eko aurrekontuak aldaketa bat sartzen du biohondakinen bilketari aplikatu beharreko hobarien eskalatzean, eta, horrela, gaikako bilketa sustatzen da. Banantze-tasa handienak dituzten mankomunitateek hobari handiagoa jasoko dute.
Hobarien taula hau onartu da:
Mankomunitatea |
Biohondakinaren hobaria |
Sasieta |
45% |
Debagoiena |
42% |
Urola Kosta |
38% |
Urola Erdia |
36% |
Tolosaldea |
35% |
Debabarrena |
25% |
San Marko |
20% |
Txingudi |
20% |
Mahai politiko-tekniko eta tarifa-araubide berria 2026tik aurrera
Gaur onartutako akordioaren ondoren, datorren ekainaren 11n mahai politiko-tekniko bat eratuko da, tarifa-araubide berri bat diseinatzeko 2026tik aurrera. Helburua da sistema bidezkoago, egonkorrago eta deskarbonizazioaren, hondakinen murrizketaren eta zerbitzu publikoaren efizientziaren erronketara egokituago baterantz aurrera egitea.
Lehen sektorerako zerbitzu berriak: nekazaritza- eta abeltzaintza-hondakinak
Batzarrak, halaber, nekazaritzako eta abeltzaintzako hondakinak kudeatzeko ezohiko eta aldi baterako sistema bat onartu du. Sistema horrek tarifa bereiziak eta hitzarmenak jasotzen ditu erakunde ekoizleekin, Gipuzkoako Ingurumen Guneko 1. faseko instalazioetan hondakinak tratatzeko, hala nola latxa-artilea edo nekazaritzako plastikoak.
Neurri horrekin, Kontsortzioak erantzuna ematen dio lehen sektorearen eskari historikoari, eta ekonomia zirkular inklusibo baterantz zabaltzen du haren irismena, baita landa-eremuan ere.