2026 AZAROA 26
Gipuzkoak Kantauri isurialdeko hondakinen kudeaketako enpresa publikoak bildu ditu, ekonomia zirkularra eta zero isurketa sustatzeko
Topaketak Sogama, Cogersa, MARE, Garbiker eta GHK bildu ditu Zubietan, esperientziak partekatzeko eta sektorearen erronkei heltzeko.
José Ignacio Asensiok «made in Gipuzkoa» eredua nabarmendu du: % 60tik gorako birziklatze-tasa, lehengaien berreskuratzea eta hiri-hondakinen % 100 zabortegietara jo gabe tratatzea.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) gaur arratsaldean eman dio hasiera, Zubietako Gipuzkoako Ingurumen Guneko instalazioetan, Kantauri isurialdeko Hiri Hondakinen Kudeaketako Enpresa Publikoen V. Topaketari. Bihar, ostirala, amaituko den topaketak sendotu egiten du penintsulako iparraldeko erakunde publikoen arteko aliantza estrategiko hau. Helburua esperientziak partekatzea, araudiaren arloko erronkak aztertzea eta kudeaketa-eredu jasangarriago eta eraginkorragoetarantz aurrera egitea da.
Foroak Kantauri isurialdeko hondakinen kudeaketaz arduratzen diren erakunde nagusietako zuzendaritza-taldeak eta talde teknikoak bildu ditu: Sogama (Galizia), Cogersa (Asturias), MARE (Kantabria), Garbiker (Bizkaia) eta topaketaren anfitrioi den GHK (Gipuzkoa).
José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru diputatu eta GHK-ko presidenteak egin die harrera parte hartu duten ordezkaritzei, lehen jardunaldiaren irekiera-ekitaldian. Bere hitzaldian, Asensiok azpimarratu du zein garrantzitsua den elkarlanerako gune hau: “Gipuzkoa erreferente bihurtu da hiri-hondakinen kudeaketa jasangarrian, ekonomia zirkularraren, birziklapenaren eta zabortegietako isurketa ezabatzearen aldeko apustu irmoari esker. Gure ‘made in Gipuzkoa’ ereduaren aurrerapenak partekatzeak eta Kantauri isurialdeko erakunde publikoen esperientziatik ikasteak eraginkorragoak izateko eta Europako ingurumen-helburuei erantzun hobea emateko aukera ematen digu”.
Urteko balantzea, lan-taldeak eta bisita teknikoa
Gaur, osteguna, egindako saioan, Sogama, Cogersa, MARE, Garbiker eta GHK erakundeetako ordezkariek azken urtean beren erakundeetan izandako berrikuntza eta lorpen nagusiak partekatu dituzte. Ondoren, parte-hartzaileak gaikako taldetan banatu dira, sektorearen erronka tekniko eta operatibo nagusiak elkarrekin lantzeko.
Topaketak bihar, hilaren 27an, ostirala, jarraituko du, lan-mahaietan ateratako ondorioen aurkezpenarekin eta Gipuzkoako Ingurumen Guneko instalazioetara egingo den bisita teknikoarekin. Bisitan, autonomia-erkidegoetako ordezkaritzek bertatik bertara ezagutuko dituzte biogasa hobetzeko (upgrading) prozesuak eta zepa-tratamenduko prozesuak. Bi azpiegitura horiek funtsezkoak dira lurraldeko energia- eta material-balorizazioko estrategian.
Birziklatze-tasa % 60tik gorakoa izanik, urtean 200.000 tona lehengai berreskuratuta eta zabortegietara jo gabe hiri-hondakinen % 100 tratatzen duen sistema batekin, Gipuzkoa berriro ere topagune eta erreferente bihurtu da sektore publikoaren ingurumen-berrikuntzaren esparruan.